sábado, 14 de noviembre de 2009

Fermin Muguruza – “Asthmatic Lion REMIX eta beste harribitxi batzuk”


www.muguruzafm.com tik ateratako infoa.



Dagoeneko ohitura bilakatu da, Fermin Muguruzak bere hiperaktibitate sortzailea disko bakar batean biltzea. Oraingo honetan, estudioan grabatutako azken albumetik (“Asthmatic Lion Sound Systema”, Talka, 2008) gaur egunera arte burutatuko proiektuak jaso ditu, “Asthmatic Lion REMIX eta beste harribitxi batzuk” diskoan.

Batetik, “Asthmatic Lion Sound Systema” diskoko erremixak daude (ohitura bilakatua hau ere, duela hamar urte “Brigadistak Sound System” diskotik abiatuta bere lehen “Erremixak” egin zituenetik).

Bestetik, “beste harribitxi batzuk” deiturikoak: bertan, soinu bandetarako eginiko piezak daude; baina, baita ere, “Gelditu AHT”ren kasuan bezala, makroproiektu suntsitzaileen kontra sorturiko agitazio sozialerako kantua.

Erremixek aurten ikusi dute argia, “Remix” izenburupean, “Rock De Lux” itzal handiko aldizkariaren 275. zenbakia lagunduz.

Jarraian, Muguruzak esandako batzuk, “RDL”ko kazetari Eduardo Guillotek bilduta eta iruzkinduta:

Rock de Lux 275 CD-a. “Asthmatic Lion Sound Systema Remix”
Eduardo Guillot

01 P3Z, “ASTHMATIC LION”en birnahasle
“Javi Pez Brasilen zen, baina erremixa egin zuen eta nik beti izan dut argi berak eman behar ziola hasiera diskoari. Aspalditik ezagutzen dut, 23 Ojos De Pez-en (80ko hamarkadaren erdialdetik, Ibon Errazkinekin batera zegoen talde hartan) eta ni Egin irratian nengoenetik, hain zuzen ere. “Aizu”, Negu Gorriak-en lehen erremixa, berak egin zuen. Garai hartan, gurea bezalako talde latz batek dantzarako zerbait egiteak susmagarri egiten gintuen, baina gu beti ahalegindu gara aurreiritziak apurtzen”. Jatorrizko piezako rapa lehen planora ekarrita, bibrazio onak isurtzen dituen ahots masaje negroide zoragarri bat erantsi dio.

02 RUDE, “BALAZALAK”en birnahasle
“Erremix disko bat egin dudan aldiro, Zion Train-ekin batera, beti izan dut alboan Rude (izengoitiz Rudeman). Kasu honetan, jatorrizko kantu drum’n’bass bilakatu du, Calexico oroitaraz dezaketen mugaldeko gitar batzuk eta guzti. Oso nahasketa xelebrea”. Reggae kadentziako erritmoa azkartu egiten da, halako moduz non, hitzetako balazal euria ia fisikoki senti daitekeen. “Irrist olioan sua bagina bezala”, kantatzen du Ferminek, eta pianoak, ahotsek eta teklatuek gauza bera egiten dute kantuaren oinarrien gainean.

03 ZION TRAIN, “IRAGARKIEN TARTEA”ren birnahasle
“Mad Professor-ekin batera (zeinak ez duen diskoan parte hartu, errepidean bizi baita), Zion Trainen fundatzaile Neil Perch da une honetan munduko dub eta reggae saioen maisu. Bera ere etengabe dabil batetik bestera bidaiatzen. Galesekoa izan arren, Perchek kolonian du bizilekua eta grabaketa estudioa, eta horrek gauzak erraztu ditu”. Nahasketak jatorrizko bertsioaren taupada jamaikarrak gorde ditu. Fermin, “Lost in Traslation” (Sofía Coppola, 2003) filmeko protagonista den Bill Murrayri laguntza eskatuz, harrapaturik sentitzen den iragarkien tarte globaletik aska dezan.

04 DAVID BOURGUIGNON, “MILAKA DUB”en birnahasle
Izenburua bera printzipio adierazpen bat da. “David Radio Bemba-ko baxujolea da. Duela sei urte, Manu Chaorekin batera egindako Jai Alai Katumbi Express biran, kontzertu ororen amaieran sound system bat antolatzen genuen. Gambeat-ek base elektronikoak jaurtikitzen zituen, David gitarra jotzeari lotzen zitzaion eta besteok inprobisatu egiten genuen. Diskoko bertsioan, “Milaka Dub” alimaleko batukada da, erritmo hutsa, eta hala ere, erremix honek gogoeta unea markatzen du, Rudeman-en ahotsak nabarmendutako topagune giroa bilatzen du. “No more guns talking”: Pistola solas gehiagorik ez.

05 ROB SMITH, “EZIN IHESI BERLIN (AROUND THE WORLD)”en birnahasle
Berlin hiriari maitasun aitortza zinezko bat, Rob Smith-ek bi modu zeharo desberdinetan deseraikia. “Nire erreferente garrantzitsuenetako bat da, batez ere, Ray Mighty eta Peter D. Rose-ekin -Smith & Mighty izengoitipean ezagunagoak agian- lan egiten zuen garaian izan zen erreferente. Orain, bakarka grabatzen du. Nik uste Bristol soinuak zor handia duela berarekin. Tricky, Massive Attack eta Portishead ospetsuenak diren arren, guztiek hitz egiten dute Rob Smith-i buruz. Lanari ekiten dionean, hainbeste dira burura datozkion ideiak, alter ego bat bilatu behar izan du, eta batzuetan, baita beste nortasun bat ere, Blue & Red, kasurako, beste gisa bateko soinuetan murgildu ahal izateko.

06 RUDE, “SHOTT THE SINGER”en birnahasle
Rudemanen bigarren agerpenak, dantzatokira eramaten gaitu konplejurik gabe. “’Balazalak” egiteko proposamena egin nionean, esan zidan, “Shoot the singer” birnahasteko ideia bat ere bidaliko zidala. Nahiz eta big beat erritmoa eduki funk kantu bat denez, Rudek aipatu zidan berak dirty funk deitzen duen hori bilakatu nahi zuela, Redskins, baina baita Amy Winehouse ere gogora ekarriko zuen zerbait. Hain zegoen pozik, aurrera egiteko eskatu niola, eta entzun nuenean hunkitu egin nintzen. Berehala indarra hartzen duen funky soul bat da. Joe Bataan txoratu egingo litzateke.

07 TOY SELECTAH, “ASTHMATIC LION (MEXMORE FLU-NK REMIX)”en birnahasle
“Toy Selecta Control Macheteko kide bat da. “Babel” –Alejandro Gonzalez Iñarritu, 2006- filmaren soinu bandarako kantu bat egin ondoren, Morriseyk hots egin zion, berari ere erremix bat egin ziezaion. Nik, bere lehenengo maketa atera zuenetik ezagutzen dut, taldearekin Mexikora joan nintzenetik. Kantu hau, flotazio lerrora zuzenera doan torpedo bat da, erremix basati bat. Hunkigarria izan da berak parte hartu ahal izatea. Izenburua ere bikaina du: beti sinatzen du MexMore, baina oraingo honetan Flu-nk erantsi dio, Mexikotik omen datorren txerri gripearekin (flu) eta funkaren boterearekin hitz jokoa eginez”.

08 XABI PERY, “LOTURAK”en birnahasle
Lehenago, Xabi Peryk “Asthmatic Lion Sound Systema”n dagoen rocksteady kutsuko kantuan gitarra eta baxua grabatu zituen. “Jamaikan elkarrekin egonak ginen, “Euskal Herria Jamaica Clash” grabatzen ari ginenean, eta “Loturak” elkarrekin grabatu eta nahastu genuenez, interesgarri iruditu zitzaidan bere kargu uztea kantu horren beraren dekonstrukzioa”. Konexioei buruz solasten den kantu bat da; beste behin, naturaltasun harrigarriz, Karibea eta Euskal Herria (Xabi Solanoren trikitixa) uztartuz.

09 ZION TRAIN, “HAU DENA”ren birnahasle
“Ruderekin gertatu zen antzeko zerbait gertatu zen Zion Trainekin ere, alegia, kantu bat gehiago egiten uzteko eskatu zidaten”. Ez da harritzekoa “Hau Dena”k erakartzea: koordenatu jamaikarrak mantenduz, jatorrizko kantuan zeuden sokak erauzi eta abestiaren elegiakoa errespetatu dute, baina erritmo sintetiko bat sartuz. Emaitza: diskoko atsedengune bakarrenetako bat. Maria de Medeiros-ek parte hartzen duen erritmo geldo eder bat.

10 ANGEL KATARAINen “ITZULIKO NAIZ”en bertsio akustikoa
“Bertsio akustikoa egon behar zuela eta Angelek izan behar zuen beronen egile, horixe uste nuen. Ahotsak garrantzitsu izatea nahi nuen, kontatzen zena. Kantu honetan, Al Rumjen –Asian Dub Foundation-eko abeslaria-, Dam eta Minsa palestinarrak eta Guive paristarra daude, besteak beste. Diskoaren testuinguruan une hunkigarri bat markatzen du, eta interesgarri deritzot jendeak abestia horrelaxe ezagutzeari, nahiz eta diskoan hip hop oinarri oso gogor bat izan.

11 ROB SMITH, “EZIN IHESI BERLIN (WHERE WE COME FROM)”en birnahasle
“Kasik bertsio instrumentala dela esan daiteke, izan ere, ahots femenino bakar bat dauka eta Robek egindako “Ezin ihesi Berlin” kantuaren erremixarekin erkatuta oso desberdina da”. Biak sartzeari interesgarri iritzi diot, horrela, abesti bakar batek bi irakurketa zeharo diferente izan ditzakeela ikus baitaiteke. Bere izenarekin sinatu nahi izan du, Blue & Red-en joera jamaikar nabarmenagoa baitauka, eta hemen, aldiz, dub atmosferikoa gailentzen da. Erremix honek, Massive Attackek “Danny The Dog” –Louis Leterrier, 2005- filmarako egindako soinu banda ekartzen dit gogora.

12 SELECTOR MATANZAS, “SIMULAKROA”ren birnahasle
“Beastie Boysen erremix latindarrak egin zituen DJ belgiarra da. Bera izan zen nirekin harremanetan jarri zena MySpace bitartez, bere burua erremix bat egiteko proposatuz. Berehala onartu nuen. Bera beti dabil bidaiatzen, eta, berak egindako birnahasketa, epea amaitzen zen egunean bertan ailegatu zen. Ordurako, kantuen zerrenda itxita zegoen, eta hala ere, sartzea erabaki genuen, merezi zuen-eta. Oso egokia da diskoari itxiera emateko: Rossy de Palma lehoi eme baten gisa, bizitza antzerki hutsa dela esanez eta Selector Matanzasen bizkar gainean igota sekulako erretolika boteaz”.

0 comentarios: